2008-12-17

Chiquillerias (II)

Egun batean aitona estulka hasi zen, estulka gero eta sakonagoa, neumoniak jota zegoen. Gauan sukar handia zeukanez, hurrengo egunean ohean gelditu zen. Gurasoak kezkatuta igarri nituen. Hurrengo egunean anaia zaharra goizeko seietan oinez sendagilearen bila abiatu omen zen, gu ezertaz konturatu ez baginen ere, nire anai-arrebak eskolara joan zirenerako etxean baitzegoen. Dena den, goiz horretan zeredozer sumatu nuen, anai-arrebak zarata handirik atera gabe iratzarri baitziren, sukaldean gosaltzen zeudenean haien zaratak esnatu baininduten. Pasiloa irteterakoan amak musu bat emanezeta oso goiz zela esanez ohera berriro bidali ninduen.

Beranduago, eguzkiaren errainuak pasiloan sartzen zirela, sukaldean Pedroren amaren eta beste emakume batzuen ahotsak entzutea iruditu zitzaidan, Sukaldean zeuden katilu kafe esne bana edaten. Aitonaren arnas saio bakoitza sukaldetik entzuten zen. Arnasa hartu nahian zebilen. Gosaldu ondoren, aitonarengana hurbildu nintzen, eskua hartu nuen, bi musu eman nion. Begiak distiratsuak zeukan, irrifarrea bota zidan, baita begiak ere itxi zituen une batean.

Bi saltoz kalera irten nintzen. Amaren oihukak kaletik entzun nuen. Bai, bai ama erantzun nuen ezer entzun, eta askoz gutxiago ulertu barik. Bai, bai ama, bazkaltzeko orduan egingo dut…Lgunak ikusi bezain pronto medikuak aitona osatuko zuela komentatu zidaten. Lagunak ere aitonaren osasunaz kezkatuta zeuden, honez gero jakitun baziren aiton-amonak hil ondoren gure familiak Tereren familiaren bidea hartuko lukeela. Horretan geundenean, goizeko hamaikak inguru entzun eta ikusi genuen karreteratik medikuaren motorra igotzen.

Gaur ondo lo egin du aitonak entzun nuen esaten amak aitari. Neumonia hobera doa. Egun horretan aitona askoz lasaiago zegoen, ohearen erdi-erdian izara eta manten azpian, ondo luzatuta. Harengana hurbildu nintzen, bi musu eman nion, baian ez zidan irrifarrea itzuli. Txabolan igaro genuen arratsalde osoa, medikutara jolasten eta beste gauza batzutara. Mari Karmen zen gaixoa. Ni medikua, Felipe erizaina, Pedro eta Alfredo familiakoak. Mari Karmenek ez omen zuen ezer larririk, baina gripeak jota, ohean gelditu behar zuen medikua etorri arte, kalentura baitzeukan.

Pedrok eta Alfredok sukaldea eta gaixoaren logela ondo erraztu zuten, harrian zeuden tresna guztiak jaboiaz garbitu ondoren trapu zuriz dena lehortu zuten.

Ahoa ireki, atera mingaina, esan nuen eskumuturreko pultsoa hartzen nuen bitartean. Sukar handia dauka, esan nuen. Ondo auskultatu behar dizut, birietako mina baztertzeko. Kendu jertsea, igo blusa, pittin bat gehiago, esan nuen Mari Karmenen aurpegiari begiratu barik. Arnasa neurtzeko aparailua bere sorbaldan jarri nuen. Hartu arnasa, bota… Birikak hartuta daude, baina injekzio batzuekin osatuko da, Pedrori eta Alfredori begira esan nuen. Egunero injekzio bat jarri behar zaio, sukarrak jaisteko ur asko edan behar du, ondo estalita eta ohean izan beharko du, lau egun behintzat, sorbaldan bi bentosa egunero jarri beharko zaio. Ez da larria, baina ondo zaintzea komeni da ondorioak ez edukitzeko.

Medikuaren bisita pasatu ondoren, prantikantea etorri zen, Pedrorekin hitz egiten zuen bitartean, sutan jarri zituen xiringa eta gainontzeko materialak. Mari Karmen xiringa ikusi bezain laster urduri jarri zen, begiak ere itxi zituen. Eman buelta, jaitsi kuleroak esan zion serio Felipek, pittin bat gehiago. Bi zaplada ipurmaisailan eman ondoren orratza golpe seko batez sartu zion, Polski-poliki xiringan zegoen likidoa ere sartu zion.

Bazkariaren ordua eta siestarena ailegatu zen. Beroa eta izerdia botatzea gaixotasuna osatzeko ona zen aitzakiaz sendagilea senar bihurtuta ondo estalita bata bestearen el karren egin genuen lokoluska.

Besteak eskola irten zirenerako, bostak bageunden eskola aurrean noiz irtengo zain. Etxera ailegatzean ama triste aurkitu genuen atarian. Ailegatu barik esan zigun aitona hil egin zaigu. Txoritxo bezala ihes egin zaigu. Anai-arreba txikiei ikustea debekatu zigun, handiak bere logelara, amaren atzetik sartu ziren. Oso dotore dago, txapela eta guzti, komentatu ziguten irtetzean. Aitona ikustea irrikitzen geunden, baina amak berriro debekatu zigun.

Egunak joan egunak etorri, eta ezustea berriro ailegatu zen, Beste egun batean, aitona hil zenetik lau hilabetera edo, Gerardok zurbil-zurbil komentatu zigun, atzo bere etxean entzun zuela laster hirira bizitzera joateko zirela. Arratsalde berean, denbora galdu barik amari galdetu nión, egia da Gerardoren sendia herritik joango direla?
Bai.
Datorren urtean, gabonak igaro ondoren hirira joatea erabaki dute. Baina aitonarekin, eta bere osaba zaharrarekin zer egingo dute? Krestzentzio eta Maurizio haiekin joango dira.

Ama, gu ez gara joango, ezta?
Ez maitia, ez. Lasai. Amama, hil arte behintzat, ez.
Zure aitak hori esaten du, eta horrela egingo du. Badakizu zein burugogorra da zure aita.

Iruditu zitzaidan amak aitaren aitzakia jartzen zuela hemendik inora ez joateko, ez baitzuen aita ikusten hiri batean bizitzen, hiriko lantegi batean sartuta, animaliarik gabe eta basorik gabe. Ezta bere burua ere.
Lasai maitia, aita pozik bizi da hemen, asko kostatuko zaio aldaketa hori egitea. Herri hau uzteko unean azkenetarikoen artean izango garelakoan nago. Ez zara konturatu zenbat sufritu duen, aitonaren hilketarekin. Beste gizon bat ezagutu dut. Umezurtz ikusten dut. Asko kostatuko zaio herria eta aitonaren lurrak abandonatzea. Ez zinen konturatu, Tereren familia autobusaren zain zegoenean, bizitzako lehendabiziko malkoak bota zituela, eta ez ginela izan gai agurtzeko ere hurbiltzen? Aitak bere aitaren hutsunea beteko du.

Gerardo Luzuriaga